- Eusko Jaurlaritzaren eta Grupo SSIren ekimena aurrerapausoak eman ditu ZainSarera bidean. ZainSare gaikuntza, enplegua eta biztanleak duintzea sustatzen dituen erreferentziazko eskualde-sare bat da Euskadin eta Europan
Zaintza-lanen arloko gaikuntza eta enplegua erronka sozial eta ekonomiko nagusietako bat bihurtu dira Europan. Biztanleriaren zahartzeak, familia-egituren eraldaketak eta arretaren eskariaren igoerak sektoreko antolaketa- eta profesionalizazio-ereduak birpentsatzea eskatzen dute.
Testuinguru horretan, ZainLabek bere seigarren urteurrena ospatu du 2026an, zaintza-lanen profesionalizazioa sustatzeko Euskadiko erreferentziazko ekimen gisa. Programa Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak sustatu du eta Grupo SSIk ezarri. Enpleguaren Euskal Estrategia 2030 ekimenaren barruan dago kokatuta, eta aurrerapausoak ematen ditu asistentziako erantzunetik harago doan eredu baterako, non arreta errekonozimendu profesionalean, gaikuntzan eta lan-baldintzen hobekuntzan jartzen baiten.
Zaintza-lanen sektoreak ezaugarri bereziak ditu; besteak beste, emakume eta pertsona migratu asko aritzen dira bertan lanean. Agertoki horretan, gaitasunak aitortzea, formakuntza- eta lan-ibilbideak eskaintzea eta ongizate sozialerako funtsezko jarduera honi duintasuna ematen laguntzeko aukerak sortzea esan nahi du profesionalizazioak.
Lankidetza-ekosistema bat eraikitzen
ZainLabek bere ibilbidean izandako irakaspen nagusienetako bat lankidetzak eraldaketaren eragile gisa daukan garrantzia da. Proiektua elkar entzuteko eta iritziak partekatzeko prozesu batetik abiatu zen, non 80 agente publiko eta pribatuk hartu baitzuten parte. Horrek behar partekatuak identifikatzen eta sektoreari egokitutako erantzunak diseinatzen lagundu zuen.
Hala, komunitate adituak (besteak beste, ZainPrest eta ZainTalent) sustatu dira, zeintzuk askotariko ikuspegiak oinarri hartuta zaintza-lanen esparruan profesionalizazioa eta enplegua indartzea baitute helburu. ZainPrestek partikularren etxeko zaintza-lanak profesionalizatzea du ardatz, pertsona migratuei arreta berezia jarriz; ZainTalentek, berriz, talentua erakartzen, upskilling-ean eta reskilling-ean jarduten du.
Era berean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hedatuta dauden zaintza-lanetarako orientazio-zerbitzuek paper garrantzitsua jokatu dute sektore horretan lanean hasi edo profesionalki garatu nahi duten pertsonei laguntza ematen. Hala, gaikuntza-prozesuak, akreditazioa eta enplegurako sarbidea erraztu dute.
Aurrerapauso garrantzitsuak dira, halaber, MENTSAD eta MENTINS. Arreta soziosanitarioan (etxekoan zein instituzioetakoan) profesionaltasun-ziurtagiria lortzen laguntzeko formakuntza-metodologiak dira. Autoformakuntzako eredu malguen, bananako laguntzaren eta taldeko saioen bidez, 800 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte formakuntza-ibilbide horietan.
2024 eta 2025 artean, ZainLab Hubek jarraitu zuen ibilbide horrekin. Bertan, enpleguaren eta gaitasunen azterketa, jakintzaren transferentzia, eskaintzaren eta eskariaren arteko lotura eta proiektuaren nazioarteko dimentsioa sustatu zituen. Sei urteotan, ZainLabek 21 proiektu sustatu ditu, 135 entitaterekin egin du lan eta 1.055 parte-hartzaile inplikatu ditu. Ibilbide hori etapa berri batean elkartu da orain: ZainSaren.
2026an, Zainsare ZainLaben eboluzio naturala da, eta zaintza-lanen arloko gaikuntzaren eta enpleguaren erreferentziazko espazio integral gisa eratuta dago.
ZainSarek modu koordinatuan jarduten du lurralde bakoitzeko agente eta baliabideekin, eta lan-orientazioa, laguntza profesionala eta osasunaren sustapena eskaintzen ditu. Gainera, etxeko zaintza-lanen eskaria eta gaitutako pertsonen eskaintza lotzen ditu eta, hala, familien beharrei zein sektoreko langileen eskubide, espektatiba eta ibilbideei erantzuten die.
Gainera, ereduak komunitate-dimentsio bat gehitzen dio zaintzaileek elkar laguntzeko, elkartzeko eta haiei kidetasun-sentimendua emateko. Sektore honetan, laneko isolamendua oso ohikoa da eta sare horiek laneko ongizate, egonkortasun eta jarraitutasuna sustatzen dute.
Europako errekonozimendua eta nazioarteko etorkizuna
2026 inflexio-puntu bat ere bada ZainLaben nazioarteko dimentsioari dagokionez. Pasa den ekainaren 3an, Europako Parlamentuak “ZainLab Regional Skills Partnership: Bringing the Basque Experience to the European Union” jardunaldia ospatu zuen Bruselan. Topaketa honi esker, zaintza-lanen arloko gaikuntzan eta enpleguan Euskadin izandako esperientzia partekatu ahal izan zen gaitasun profesionalekin eta epe luzeko artarekin lotutako ordezkari instituzionalekin eta Europako entitateekin.
Jardunaldiak Eusko Jaurlaritzako, Grupo SSIko eta Europako Batzordeko ordezkariak bildu zituen eta azken sei urteotan metatutako ikaskuntzak ebaluatzeko eta nazioartean lankidetza-aukera berriak sortzeko espazio gisa finkatu zen.
Aurrerapen hau proiektuarentzako bereziki garrantzitsua den une batean iritsi zen. Europako Batzordeak Regional Skills Partnership gisa aitortu zuen ZainLab, Pact for Skills esparruaren baitan. Hala, gaitasunen garapenerako Europako estrategiekiko lerrokatzea indartu du. Era berean, Large-scale Skills Partnership for Long-Term Care hitzarmenaren parte da, zeinak epe luzeko zaintza-lanetan ibilbide profesionalak sendotzea eta arretaren kalitatea hobetzea baitituen helburu.
ZainLabek Europa-mailan daukan etorkizuna lurralde batek baino gehiagok partekatzen duten errealitate bati erantzuten dio: zahartze demografikoa, talentua erakartzeko zailtasuna eta zaintza-lanen prekarizazio historikoa. Proiektua martxan jarri eta sei urtera, Euskadiko esperientzia erreferentzia bihurtu da berrikuntzaren, gaikuntzaren eta enpleguaren arloetan, eta hura Europa osora transferitzeko gaitasuna du.


