ZainSare Guneak

Etxeko enplegua duintzea berdintasunean aurrera egiteko: elkarrizketa Judit Garcíari, Arrasateko ZainSare teknikariak, eta Dominga Vanegaseri, laguntzaile soziosanitarioak

ZainSare Guneak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak Grupo SSIrekin lankidetzan sustatuak, erreferentziazko udal-puntuak dira etxeko eta zainketen arloko langileentzat enplegurako prestakuntza, gizarte- eta lan-orientazioa eta laguntza espezializatua, autozainketaren sustapena, elkarren arteko laguntza, eskaintzaren eta eskariaren lotura, eta oinarrizko lan-eskubide eta -zerbitzuetarako sarbidea eta ezagutza eskaintzen dituztenak.

Judit Garcíak, Arrasateko ZainSare teknikariak, eta Dominga Vanegasek, laguntzaile soziosanitarioak eta zerbitzuen erabiltzaileak, beren esperientzia partekatu dute.

Judit, zein da ZainSare Guneek ematen duten balio nagusia?

Enplegu mota horretarako eta gaikuntzarako erreferentziazko espazio bat izatea, kalitatea hobetzeko, eta lan mota hori ikusaraztea eta aitortzea.

Zer behar edo erronka identifikatzen dira gehien?

Jeneralizatzea zaila den arren, badira errepikatzen diren errealitate batzuk. Emozioak askatzeko beharra, lan horrek dakarren karga dela eta, batez ere behar adina atsedenaldi edo gizarte-laguntzako sarerik ez dagoenean. Horrek neke handia eta deskonektatzeko zailtasunak sortzen ditu. Era berean, ohikoa da prestakuntza behar izatea kalitatezko lana egiteko; hala ere, batzuetan, lan-ordutegiek zaildu egiten dute lan hori lortzea.

Zer ikasi duzue abian jarri zenetik?

Zainketen lan konplexuari balioa emateko beharra azpimarratuko nuke. Batzuetan, langileek zeregin konplexuak eta erantzukizun handikoak egiten dituzte, hala nola mendekotasun-egoeran dagoen pertsonen mobilizazioak, bakardadeari aurre egiteko laguntza edo laguntza emozionala. Beren lana aitortzen zaienean, pertsonak harro sentitzen dira egindako lanarengatik, eta ahaldundu egiten dira.

Nolakoa izaten ari da inguruko eragileekiko lankidetza?

Bikaina, publikoekin zein pribatuekin. Horri esker, arreta integrala eta kalitatezkoa eman dezakegu.

Zeintzuk dira hurrengo erronkak eta lehentasunak?

Eskaintza eta eskaria konektatzeko zerbitzua martxan jartzea eta lanean jarraitzea langileekin eta enplegatzaileekin enpleguaren kalitatea hobetzeko.

Dominga, zer suposatzen du zuretzat ZainSarek?

Erreferentzia-gune bat da, non bakarrik ez zaudela eta laguntza jasotzen duzula sentiarazten dizuten. Entzunda eta ulertuta sentitzen zara, epaituko zaituzten beldurrik gabe. Antzeko egoerak dituzten beste pertsona batzuekin partekatzen duzu espazioa, eta aurrera egiten laguntzen dit.

Zer ikaskuntza eskaintzen dizkizu?

Tailerrekin etxeko zainketetan zerbitzu hobea ematen ikasten dut, zaindutako pertsonaren eta nire bizi-kalitatea hobetzeko. Era berean, kirola egiteko edo kafea hartzeko jarduerak parteka ditzakedan lankideak ezagutzeko aukera ematen dit. Lagunduta sentitzen naiz.

Zer espero duzu gunetik etorkizunean?

Sare hori izaten jarraitzea, gehiago hazteko. ZainSarek lanaren edozein kezka konpontzeko balio dit, prestakuntzarekin eta autozainketarekin jarraitzeko. Aurrera jarraitzera animatzen dut, garrantzitsua baita enplegu honetan interesa duten pertsonentzat.

Etxeko enpleguaren eta zainketen balioa aitortzea berdintasunean aurrera egitea da. Profesionalizatzeak, eskubideak bermatzeak eta autozainketa sustatzeak eguneroko bizitzari eusten diotenak indartzen ditu. Zaintzak baldintza justuak, errekonozimendua eta norberaren zaintza erraztuko duten espazioak eskatzen ditu, hala nola ZainSare.