ZainLab lleva al Parlamento Europeo la experiencia vasca en empleo, capacitación y cuidados

Europako Parlamentuak “ZainLab Regional Skills Partnership: Bringing the Basque experience to the European Union” ekitaldia hartu zuen pasa den asteazken honetan, ZainLabek trebakuntza profesionalean, enpleguan eta zainketen eta bizitza-luzeraren ekonomian duen euskal esperientzia partekatzera bideratutako jardunaldia.

Bilera 9:00etatik 11:00etara ospatu zen, Europako Parlamentuko SPINELLI 3H1 aretoan, eta Eusko Jaurlaritzako, Europako Batzordeko, EASPDeko eta Grupo SSIko ordezkari instituzionalak bildu zituen, enpleguaren eta zaintzaren egungo erronkei Euskadiko eta Europako ikuspegitik heltzeko.

ZainLab Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak sustatutako eta Grupo SSIk inplementatutako urte anitzeko programa da. 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiari erantzuteko sortu zen, euskal gizartearen zahartzeak eta horrek zaintzaren ekonomian duen inpaktuak markatutako testuinguru batean.

2021ean identifikatu zenetik, ZainLabek zainketen arloa profesionalizatzeko, horretan lan egiten dutenen gaitasunak hobetzeko, profil eta rol profesional berriak definitzeko eta Silver Economy-ari lotutako ekintzailetza sustatzeko lan egin du. Prozesua 80 eragile publiko eta pribaturekin baino gehiagorekin izandako entzute eta kontraste batetik abiatu zen, eta, sei urte hauetan zehar, 21 proiektu sortu ditu, 135 erakunde laguntzaile izan ditu eta 1055 parte-hartzaile inplikatu ditu. Modu honetan, helize laukoitzaren ereduan oinarritutako lan-komunitatea sendotu du, eragile publiko, pribatu eta sozialekin, eta baita jakintza-arloko eragileen partaidetzarekin batera ere.

Irekiera instituzionalean Idoia Mendia, eurodiputatu eta ZainLabeko enbaxadorea, izan zen, eta topaketa herritarren zahartzeari aurre egiteko zainketetara gehiago bideratutako Europa eraikitzeko prozesuaren barruan kokatu zuen. Ondoren, Mikel Torres-ek, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak, zahartzearen erronka demografikoari aurre egiteko zaintza eta enpleguaren arloko euskal estrategia jorratu zuen.

Jardunaldiaren une nagusietako bat “ZainLab 2021–2026. Looking back and looking ahead: Lessons learned and outcomes from 6 years of ZainLab project implementation” hitzaldia izan zen, non Sara Buesa-k, Eusko Jaurlaritzako Gizarteratze zuzendariak, eta Karmele Acedo-k, Grupo SSIko zuzendari exekutiboak, parte hartu zuten. Biek proiektua garatzean lortutako ikaskuntzak, emaitzak eta aurrerapenak partekatu zituzten.

Jardunaldiak Europako ikuspegi bat ere izan zuen. Izan ere, Dana-Carmen Bachmann-ek,, Europako Batzordeko Enplegu, Gizarte Gai eta Gizarteratze Zuzendaritza Nagusiko Gizarte Babeseko eta Demografiako Unitateko buruak, eta Alessia Sebillo-k, EASPDeko Ezagutza eta Berrikuntzako arduradunak, parte hartu zuten. Zaintzaren eta enpleguaren arloan Europan gaur egun dauden esparruak, tresnak, erronkak eta aukerak jorratu zituzten.

Alfonso Gurpegui-k, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze sailburuordeak, eman zion amaiera topaketari, eta ZainLab Regional Skills Partnership-etik ondorioztatzen diren hurrengo lan ildoak aurkeztu zituen. Jardunaldia amaitzeko, networking saio bat egin zen, esperientziak trukatzeko eta zainketen, enpleguaren eta gaitasun profesionalen inguruko Europako lankidetza indartzeko.

Bruselan antolatu zen hitzordu honek ZainLabek zainketen berrikuntzarako euskal proiektutik Europa mailan transferitzeko gaitasuna duen ekimen batera egindako urratsa sendotu zuen. Proiekzio hau Pact for Skills-en eta Large-Scale Skills Partnership for Long-Term Care-ren barruan kokatuta zegoen, eta ikaskuntzak kontrastatzeko, aliantzak indartzeko eta zaintza eredu profesionalizatuago eta jasangarriagoetan aurrera egiteko etapa berri bat ireki zuen.

Topaketak Euskadin jaiotako esperientzia antzeko erronkei aurre egin behar dieten beste lurralde batzuekin partekatzeko aukera eman zuen: zahartzea, prestakuntza egokia duten profesionalen beharra, gaitasunen hobekuntza eta zaintza ereduaren eraldaketa.

ZainLabi buruz

ZainLab Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak sustatutako eta Grupo SSIk inplementatutako programa da. Bere helburua zainketen eta bizitza-luzeraren ekonomia hobetzen, garatzen eta sustatzen laguntzea da, trebakuntzaren eta enpleguaren ikuspegitik, ekintza berritzaileak diseinatzeko, esperimentatzeko eta ezartzeko. Proiektuak zaintza profesionalizatzen, gaitasunak hobetzen, profil berriak identifikatzen eta arlo honetako enpleguaren etorkizunerako ezagutza baliagarria sortzen lan egiten du.

Komunikabideetan agerraldiak

ZainLab lleva al Parlamento Europeo la experiencia vasca en empleo, capacitación y cuidados